ISOLEIKA: Ideiak, ametsak, aukerak eta erronkak bultzatzea.

Plazer berezia sentitzen dut Lea-Artibaira bidaiatu behar dudan bakoitzean. Izan ere, ikasteko esperientziekin lotzen dut!

Oraingoan, Euskalit erakundeko Luis Jiménez eta ni joan ginen Etxebarriara, Isoleika kooperatibara, Kudeabide programaren markoan kanpo-kontraste bat egiteko.

Iñigo Garai, kudeatzailea, anfitrioi bikaina izan zen. Zehaztasun eta zintzotasun handiz azaldu zizkigun Isoleikako kontuak: nondik datozen, bizi dituzten gorabeherak, planteatzen zaizkien erronkak, sortzen zaizkien beldurrak, geldiarazten dituzten blokeoak… eta, batez ere, proiektua inspiratzen duen ametsa. Zintzotasun handiz eta bere ahultasunak erakusteko beldurrik gabe, Isoleikaren inguruan duen ikuspegia azaldu zigun, eta elkarrizketa sakona sortu zen.

Oso lodiera txikiko panel isolatzaile mikroporotsuak fabrikatzen dituzte. Beraz, oso leku gutxi dagoen tokietan aplikatzeko gomendatzen da.

Eika taldekoak dira. Horrek erraztasun handia ematen die sostengu logistiko handia eta mota guztietako baliabideak eskuratzeko, eta hori laguntza handia da enpresa-proiektuaren hasierako aro horretan aurrera egiteko.

Baina abantailak dauden bezala, mugak ere sortzen dira. Izan ere, Eikaren gisako kooperatiba handi batentzako baliagarria dena, zenbaitetan ez da hain egokia Isoleikarena bezalako proiektu txiki batentzat. Ondorioz, kudeaketa-irizpideak “artez” aplikatu behar dira berriz. Baliagarria dena egokitu, sinplifikatu edo, kasuan kasu, alde batera utzi behar diren gauzetatik bereizi beharra dago. Hain zuzen ere, praktikoak izatearen aldeko apustua egiten ari dira, eragikortasunaren aldekoa.

Horren harira, adierazi behar da orain arte bizi izan dituzten 6 urteak, Eikak bere dibertsifikazio-estrategiaren barruan proiektu hori prestatu zuenetik, kudeaketa-ikaskuntzakoak izan direla oro har.

Kudeabide kontrastea erabiltzen dituzten kudeaketa-jardunbideen ingurukoa izan zen (ohikoa denez), jarduteko moduak eta beren merkatuetan gertatzen denaren aurrean erantzuteko moduak zuzentzen joateko.
Gutxi batzuk dira, baina oso ausartak. Etengabe saltzeko beharra dute, hurrengo hiru asteetarako lan-zama baino ez dute eta. Haiek baino askoz handiagoak diren eta baliabide eta aukera gehiago dituzten bi enpresarekin lehiatzen dira nagusiki. Hala eta guztiz ere, duintasunez lehiatzen dira, produzitzen dutenaren % 80 esportatzen baitute.

Egin genuen ibilbidean honako alderdi hauek nabarmenduko nituzke:

  • Isoleikaren kasuan, interes taldeen beharrak eta itxaropenak argitzeko garrantzia nola azpimarratu zuen Luisek, kudeaketa-irizpideak errazteko eta itxaropen horiek sortzen duten erronkaren arabera beharrezkoak diren baliabideen neurriak ezartzeko.
  • Azken bezeroarengana hurbiltzearen garrantzia (nazioarteko banatzaileen bitartez saltzen dute nagusiki), beren produktuak izango dituen amaierako erabilerak hobeto ezagutzeko eta eskaerei hobeto egokitu ahal izateko.
  • Banaketa-sarearekin duten konplizitatea indartzeko garrantzia ere, merkataritza-etekina hobetzeko.
  • Barne- eta kanpo-testuinguruan lan egiteko balioa, berrikuntza-proiektuei laguntzeko. Ezagutza nola partekatu, kanpo-baliabideak nola aprobetxatu eta bitartekoak nola kudeatu.
  • Proaktibitatearen, kanpora ateratzearen eta prozesuak hobetzearen garrantzia.

Beste batzuetan legez, “stop&go” ariketa bat izan zen. Eten bat egin eta hainbat gauzaren inguruan hausnartzeko eguna izan zen: aldez aurreko ideiak kolokan jartzeko; gure buruari begiratzeko begi berriak eskuratzeko xedeaz, kanpo-ikuspegi baten begiradapean jartzeko; eta, elkarrizketa luze horien bidez, zehaztasunik ez zuten aurreko ideiak zehazteko nahiz aukera berriak ikusarazteko beharrezkoak diren inspirazio-txinparta txikiak bilatzeko.

Isoleikak konponbideak sortzearen aldeko apustua egiten du behar dena lekua eta energia aurreztea denean. Horretarako darabilten gakoa porositatea da. Azken finean, poroak espazio ikusezinak dira, eta horietan zehar aukerek bidaiatzen dute.

Horrez gain, ohartu nintzen Eika hitzak EKI (EguzKI) hitza ezkutatzen duela, eta Isoleika hitzak bi eguzki dituela (SOL, gaztelaniaz, eta EKI). Hortaz, bien etorkizunaren inguruko susmo ona izan nuen, biak elkarren osagai izanik.

Bilbora ia 15etan iritsi ginen. Jarduera anitz izan genuen Lea-Artibain, edo hobeto esanda, Lea Akti bai-n! 

Discussion Area - Leave a Comment




*

Arbela. Bideak Eginez.