Ipuina: Arbela jaio da

Gogoratu nahi ez dudan Esne Bideko planeta batean… krisi handi bat sumatzen zen: soziala, ekonomikoa, baloreena…

Egoera sakon-sakona zen, hain zen sakona batzuk benetako zibilizazio-krisiaz hitz egiten hasiak zirela.

Mugimendu ugari, elkarren artean nahasiak… soiltasuna eta gastuaren murrizketa aldarrikatzen zituzten jardun ofizialak… eta gero eta desoreka handiagoa eta ekonomia gero eta desgizatiagoa bultzatzen zituzten proposamen horiek salatzen zituzten sumindura-mugimendu anitzak…

Erdian… nahastea, beldurrak, ezintasuna, etsipena… hain konplexua zen errealitatearekiko.

Eta egoera horretan, halako batean…

Zeru izarratuko gau batean, lagun-talde bat Euren Kontuetako Patroiaren jaia ospatzen zebilela, pertsona bat zerura begira jarri zen, geldi-geldi, mugitu ezinik.

Begiak igurtzi zituen, ikusten ari zena egia ote zen egiaztatu nahian edo. Eta debora luzean isilik egon ostean, halako batean zerbait murduskatu zuen…

“Lepoa jokatuko nuke hantxe, Artizarraren ondoan… izar bat jaio dela”

Hori entzundakoan, lagun-taldea osatzen zuten gainerako kideak barrez hasi zitzaizkion, izarrez gainezka zegoen zeru ederrari begira. Baina, bestetik, eurek ere bazekiten Izarok –horrela deitzen baitzen esaldi potoloa bota zuen laguna– txikitatik izarrekiko zaletasun aparta zuela.

Izarorekiko maitasunaren seinale gisa, lagunek moztu egin zituzte barreak eta gora begira jarri ziren, mesfidati, lagunak iragarritakoaren aztarnarik bilatu nahian.

Bat-batean, oskarbi, garbi-garbi, zegoen arren, sekulako trumoi hotsa entzun zen eta euria hasi zen, indarrez, baina lagun-taldean zegoen tokian bakarrik. Euri-zaparrada arina izan zen, baina lagun guztiak blai eginda utzi zituen.

Gertatutakoa ulertu ezinik, aho zabalik geratu ziren, mutu. Jazotakoak ez zuen inolako zentzurik, eta ez zioten bilatu nahi ere.

Izaro zen nahasmendu-egoera horretan nolabaiteko lasaitasunari eusten zion taldeko kide bakarra. Baina… zer zen Izarok ikusi baina besteek ikusi ezin zuten hura?

Lagun-taldea horretan zebilela, euriak zoruan pakete batzuk utzi zituela konturatzen hasi ziren banan-banan, oparitarako paperean bildutako hainbat pakete.

Inor ez zen mugitu, ezta ausartu ere. Berriro ere, Izaro izan zen, apurka-apurka, zoruan sakabanatutako paketeetaraino hurbiltzen hasi zena.

Lehendabizikoa jaso eta ireki egin zuen. Barruan ispilu bat zegoen. Izaro bere aurpegiaren isla ikusten geratu zen. Ondoren gainerako lagunei pasatu zien, eurek ere begira zezaten.

Bigarren paketea ireki zuen. Barruan liburu bitxi bat, orri guztiak zuriz eta azalean izenburu hau: “Esperiantziatik ikasten… besteekin”

Eta azkenik… paketerik handiena hartu zuen. Oraingoan gainerako lagunei paketea zabaltzeko laguntza eskatu zien . Barruan… arbela handi bat eta kolorezko klariona ugari.

Senak eraginda, Izarok izar bat marraztu zuen goiko aldean eta berehalaxe arbela argitu egin zen. Lagun guztiek, banan-banan, klarionak hartu eta euren ametsak adierazteari ekin zioten. Laster batean arbela bizitasunez betetzen hasi zen marraztutako irudiei esker: animaliak, mendiak, pertsonak, paisaiak… eta bazirudien jada inor ez zela egoeraren ulertezintasunaz edo gorputzen blaitasunaz kezkatzen.

Izarok pauso batzuk atzerantz egin eta keinu egin zion aurkitu berri zuen izarrari:

“Arbela jaio da!” egin zuen oihu.

Idatzi ondoko oharra: Arbelaren jaiotza ospatzeko idatzi da ipuin hau. Erakunde osasuntsuagoak sortzen laguntzeko ekintzak bultzatu nahi dituzten hainbat pertsona artega edo kezkatien topagunea izateko sortutako plataforma berri bat.

One Response to “Ipuina: Arbela jaio da”

  1. […] Lehen kapitulua gogoratzeko egin klik egin klik hemen […]

Discussion Area - Leave a Comment




*

Arbela. Bideak Eginez.